El Correo

420.000 euro langabezia gehien duten Arabako udalerrietako enplegu planetarako

  • 30 prestakuntza ikastaro finantzatuko du, kuadrillen eskaeren arabera

Arabako Foru Aldundiak 420.000 euro bideratuko du datozen hiletan enplegurako plan bereziak garatzeko langabezia gehien duten Arabako udalerrietan. Udaletarako deialdi publikoa izango da plan horiek finantzatuko dituena eta langabetuak kontratatzeko lagunduko du diruz, interes sozialeko proiektuak egin ditzaten.

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du dirulaguntza deialdi hau, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak Arabako eskualde kaltetuenetan langabeziari aurre egiteko daraman programaren esparruan. Programa hori osatzeko, urrian abian jarriko dira enplegu anezkak Gasteiz, Laudio eta Guardian.

Bi ekintzen aurrekontua, guztira, 500.000 euro da, Euskal Enplegu Zerbitzua / Lanbidek transferituko dituena, Euskadiren Aurrekontu Orokorretan horretarako esleituta dagoen partida burutuz.

Langabezia da Arabako gizartearen arazorik handiena eta, erregistratutako azken datuen arabera, gaur egun badira 23.000 arabar baino gehiago lan bila. Arazoak lurralde osoari eragiten dio, baina badira udalerri eta eskualde kaltetuagoak eta, ondorioz, horiexek behar dituzte politika publiko bereziak, arazoa arindu eta lana sortzen laguntzeko.

Enplegurako plan bereziak abian jartzeko laguntza deialdia, beraz, bideratzen da lurralde historikoan dagoen batez besteko langabezia maila baino tasa altuagoa duten udalerrietara, erreferentzia izanik Lanbiden 2016ko ekaina ixtean erregistratutako enplegu eskatzaileen datuak, Gasteizkoak izan ezik. Orduan bost herri hauek gainditzen zuten batez bestekoa: Laudio, Amurrio, Agurain, Oion eta Lapuebla de Labarca.

Herri horietako udalek 420.000 euro eskuratu ahalko dituzte deialdi honen bidez, langabezian dauden pertsonak zuzenean kontratatzeko enplegu planak garatzeko, udalerrian gizartearen eta denen interesekoak diren proiektuak egin ditzaten. Kanpoko enpresen kostua ere finantzatu ahalko dute, enplegu planen faseak garatzeko (hautapena, prestakuntza, kudeaketa, koordinazioa...) eta haren publizitatea egiteko.

Deialdia urtea bukatu aurretik ebatziko da eta enplegurako plan bereziak 2016ko amaieratik 2017ko amaierara bitartean garatuko dira. Kontratatutako langile kopurua, partaideen enplegagarritasuna hobetzea eta enplegu lanek udalerriko ingurumena hobetzen laguntzea dira kontuan hartuko diren irizpideak proiektuei laguntzak emateko orduan.

Prestakuntza kuadrilletan

Diputatuen Kontseiluak, halaber, gaur onartu du ebaztea kuadrillentzako enplegurako prestakuntzaren dirulaguntza deialdia, 150.000 eurokoa, hain zuzen. Deialdi horren bidez, 30 prestakuntza ikastaro eskaini ahal izango dira Arabako eskualdeetan hainbat gairi buruz (soldatzea, kontserbak egitea, ekintzailetza, turismoa, orga jasotzaileak, makina-erreminta, merkataritza…).

Horietako 8 Zuian emango dira, 6 Aiaran, beste horrenbeste Arabako Errioxan, 5 Añanan, 3 Mendialdean eta 2 Arabako Lautadan. Guztira, 336 plaza eskainiko dira ikastaro horietan.