El Correo

Haur eta gazteentzako bederatzi antzezlan eskainiko dira Beñat Etxepare antzokian, denboraldi berri honetan

Haur eta gazteentzako Beñat Etxepare antzokiak — Gasteizko Antzoki Sarearen eta Teatro Paraisoren lankidetzaren fruitu —bere XXIII. denboraldia aurkeztu du gaur. Bederatzi antzezlan proposatu ditu, hiriko haur hezkuntzako eta lehen eta bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleek 2016-2017 ikasturtean zehar gozatu ahal izateko.

Denboraldi berri honetan hezkuntza proposamenak pertsonalizatu egin nahi dira, parte hartzen duen zentro bakoitzaren proiektura egokituta. “Zuzeneko arteetara begirada berriak erakartzeko eta ikusle horiei arte arloan alfabetatzen eta sormena lantzen laguntzeko programazio anitz eta aberatsa egin dugu” adierazi du Teatro Paraisoko arduradun Pilar Lopezek.

Bederatzi antzezlan eskainiko dira eta 7k euskarazko bertsioa izango dute. Orobat, bost antzezlan euskal konpainiek eskainiko dituzte, horietako bi Gasteizkoak izanik: Teatro Paraíso eta Panta Rhei.

ikuskizunez gain, proiektuak ekintza paraleloak ere garatzen ditu, ikusleen begiradaren eta entzumenaren pizgarri: irakasleekin egiteko kafe didaktikoak, Ikusleentzako sariak, ikastetxeetan antzerki-praktika bultzatzeko jarduerak edo UPV/EHUko Irakasleen Eskolako ikasleekin egindako lankidetzak.

Azken denboraldian 21.246 pertsonek gozatu zuten programa honetaz, eta proiektua abian jarri zenetik 500.000 gasteiztar baino gehiago izan dira partaide.

“Datu hauek argi erakusten dute Beñat Etxepare antzokia eszena-arteetako ikusleak sortzeko harrobi dela, jendea antzerkira hurbiltzeko bide. Emozioak zabaltzeko programarik onena dugu, gazteak ezagutzan hazteko, garatzeko, eta libreago izateko bide emango dien oinarri batzuek finkatzeko programarik onena…. izan ere Kulturak hori guztia eta gehiago ematen baitigu. Beraz, programa estrategikoa da ” adierazi du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok