El Correo

Arabako Foru Aldundiak Aguraingo araztegiaren proiektua esleitu du

  • Aurrekontua 157.632 eurokoa da, eta SAITEC S.A. enpresa izango da saneamendu eta arazketa proiektua idazteko ardura izango duena, zeinaren xedea baita egungo udal araztegiaren arazoei konponbidea ematea

Arabako Foru Aldundiak onartu du Aguraingo saneamendu eta arazketa proiektua esleitzea. Aurrekontua 157.632 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 5 hilabete, eta SAITEC S.A. enpresa izango da egungo udal araztegiaren arazoei konponbidea emateko xedea duen proiektua idatziko duena, araztegia bere ahalmenaren mugara iritsia baitago gaur egun. Asmoa da definitzea zer obra beharko diren Aguraingo Udalak hondakin uren saneamenduan eta arazketan egun dituen eta geroan izango dituen beharrizanei erantzun egokia emateko.

Era berean, proiektuak aztertuko du zer aukera dagoen Galzarko industria poligonoaren araztegia aprobetxatzeko, egun araztegira iristen diren industria isurien zati bat jasotzearren. Asmoa litzateke industriarako HUA optimizatzea, Agurainen kokaturik dauden beste enpresa batzuen hondakin ur oraindik araztegi honi lotu gabeak tratatzeko.

Azken batean, helburua da Zadorrako puntu beltzetako bati konponbidea ematea. Izan ere, Aguraingo araztegia gainezka dago, jasotzen dituen ur emari eta karga kutsagarriengatik, aldez dimentsio behar baino urriagoa duelako, aldez iristen diren ur garbien kantitatearengatik –ez edukirik sare bereizgarri bat eta zaharkiturik egonik instalazioak– eta, aldez, orobat, herrigunean kokatutako zenbait industrietatik iristen zaion kutsadura handiarengatik; izan ere, horren guztiaren ondorioz, isuri baimenduen parametroak ez dira betetzen, eta ur tratatu gabeak ibilgu naturalera husten dira.

Proiektuaren obrak UR agentziak finantzatuko ditu, URA eta Arabako Foru Aldundia Arabako Lurralde Historikorako lantzen ari diren etorkizuneko konpromisoetan oinarriturik.