El Correo

Gasteizko bederatzi herritara zabaldu du Udalak TAO txartela eskatzeko aukera

  • Andollu, Arkauti, Argandoña, Askartza, Elorriaga, Ilarratza, Matauku, Miñao eta Oreitia herrietan erroldatuta daudenek egoiliarrentzako TAO txartela eskatu ahal izan dute aurrerantzean

Andollu, Arkauti, Argandoña, Askartza, Elorriaga, Ilarratza, Matauku, Miñao eta Oreitia herrietan erroldatuta daudenek egoiliarrentzako TAO txartela eskatu ahal izan dute aurrerantzean, aparkatzeko aldian aldiko txartel arrunta jarri gabe aparkatu ahal izateko Gasteizko hiriguneko zenbait eremutan.

45 herritako egoiliarrek zuten orain artean egoiliarrentzako TAO txartela eskatzeko aukera, eta aurrerantzean, berriz, 54 herritakoek izango dute aukera hori, Carlos Zapatero zinegotziak zuzentzen duen Trafiko Zerbitzuak egindako aldakuntza horren ondorioz. Udalerriko 63 herrien zerrenda osatzeko falta diren gainerako herrietara TUVISAren autobusak iristen dira.

“Aspaldian ari zen hori eskatzen Gasteizko Kontzeju Elkartea, eta eskabide zuzena zela uste izan dugu. Hartara, Gasteizera etortzeko erraztasunak emango dizkiegu herri horietan bizi direnei, kontuan izanik oraingoz ez dutela beren premiei erantzun diezaiekeen garraio publikorik”, azaldu du Zapaterok.

Egoiliarrentzako txartela eskuratzen dutelarik, denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango dute herrietako bizilagun horiek beren etxebizitzetatik hurbilen dagoen TAO eremuan.

Horretarako, herri horietakoren batean erroldatuta egon beharko dute interesdunek, eta ordenantzan ezarrita dauden betekizunak bete, hala nola ibilgailua erroldan alta emanda egotea; txartela zein ibilgailutarako eskatzen duten, haren jabea eta ohiko gidaria izatea eta gidatzeko baimena indarrean edukitzea; Gasteizko Udalaren ibilgailuen zergaren azken ordainagiria ordaindua edukitzea, edo, txartela zein urtetarako eskatzen duten, horri dagokion tasa ordaintzea.

Orain arte, 234 TAO txartel emanak dizkie Udalak aukera hori duten herrietako bizilagunei, eta 5.400 dira, aldiz, hirian bizi diren bizilagunei emandakoak.