El Correo

Herritarrek irailaren 26tik aurrera bozkatu ahalko dituzte 'Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz' partaidetza programan aukeratutako 67 proiektuak

Gasteiztarrek irailaren 26tik urriaren 9ra bitartean emandako botoen bidez aukeratu ahalko dituzte “Mejorando Gasteiz Hobetuz” partaidetza-programan aukeratutako 67 proiektuetatik 2017ko aurrekontuen kontura gauzatuko direnak.

67 proiektu horiek gasteiztarrek aurkeztutako 203 proiektuen artetik aukeratu dira, teknikoki eta ekonomikoki bideragarritzat jo ondoren.

Legegintzaldi honetan metodologia parte-hartzailea baliatu nahi dugu udal aurrekontua prestatzean, eta hauxe da bide horretako lehen pausua, oso pausu garrantzitsua gainera” adierazi du Isabel Martinez zinegotziak.

Aukeratutako proiektuak mota desberdinetakoak dira: Serafin Ajuria eta Adriano VI.aren kaleko zuhaitzak berreskuratzea, Konstituzio plazako irisgarritasuna hobetzea, hiriko hainbat kale eta plazatako jolas eremuak berritzea, Enrique Eguren eta Teodoro Gonzalez de Zarate kaleak oinezko bihurtzea, edo espazio berdeak babestea, besteak beste.

Irailaren 21etik 24ra bitartean proiektu hauei buruzko informazioa izango da Europa biltzar-jauregiko Green aretoan, bai horretarako berariaz prestatutako erakusketa bai proposamen egileek jendaurrean emandako azalpenak tarteko.

Ondoren, bozketa egingo da irailaren 26tik urriaren 9ra bitartean biak barne, udalaren web-orrian (HUT edo ziurtagiri digitala baliatuz) edo gizarte etxeetan (nortasun agiria aurkeztuz). Irailaren 1a baino lehen Gasteizen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko dute.

Urriaren 1ean, larunbata, informazio gune bat jarriko da Andre Maria Zuriaren plazan eta bertan bozkatu egin ahalko da.

67 proposamenak bost eremutan sailkatzen dira eta herritarrek hiru eremu desberdinetako hiru proiektu aukeratu beharko dituzte ezinbestean.

Gasteiz Green

Aisialdi eta topaketarako guneak

Gasteiz hiri seguruagoa

Hezkuntza eta sentsibilizazioa.

Gasteiz etengabe ari da eraberritzen

Bozketen emaitza kontuan hartuta proiektuen zerrenda bat osatuko da, eta udal gobernuak horietako lehenak sartuko ditu 2017ko udal aurrekontuetan, programa honi esleitutako hiru milioi euroko kopurua agortu arte.