El Correo

Aldabe kalea ixtea eta gaueko bizikleta-martxa izango dira ekitaldi nagusiak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astean

  • Edizio honek barne hartuko du “DesAUTOxikatu” izeneko ekimena: 4 gasteiztarrek autoa astebetez etxean utzi eta haren ordez garraiobide iraunkorragoak erabiltzeko erronka hartuko dute.

Gasteizko Udalak gaur aurkeztu du Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 16. edizioa, gure hirian irailaren 12tik 22ra bitartean egingo dena ” Energia mugimenduan” lema hartuta. Edizio honetan Koroatzearen auzoa izango da protagonista, eta SmartEnCity birgaitze energetikoaren egitasmo europarra garatzeari esker ahalbidetuko diren mugikortasuneko eta espazio publikoko aldaketak herritarrei erakutsi eta haiekin esperimentatzea izango ditu helburu. “1999an lehen aldiz halako astea egiten hasi zenetik hona udal honen helburua beti izan da mugikortasun iraunkorragoaren beharraz kontzientziatzea, eta, batez ere, alor hori hobetzea laguntzen duten gerorako neurriak esperimentatzeko aukera aprobetxatzea. Orain Koroatze auzoari iritsi zaio txanda, eta han udalak espazio publikoa birgaitzeko plana prestatu du, energia birgaitzeko planari lotuta. Halaxe, irailaren 17ko larunbateko goizean zehar Aldabe kalea oinezkoentzako bide bihurtuko da, herritarren indarrez beterik eta hainbat ekitaldi agertzeko asmotan, nola espazio publikoaren eraldaketak mugikortasunean, eta azken finean herritar guztien bizitza kalitatearen hobekuntzan, eragina zuzena duela erakusteko”, azpimarratu du Iñaki Prusilla Gasteizko Ingurumen zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lehendakariak.

“Mugi Aldabe” izena hartu du Mugikortasunaren Asteko ekitaldi nagusiak, eta goiz horretan zehar Aldabe kalea oinezkoentzako bide bihurtuko du. Koroatzeko erdigunean dagoen bide horretan ohiko ibilgailu eta trafikoaren ordez jarduera-programa oso batek beteko du kalea eta 11:00etatik 14:30era bitartean garatuko da. Esate baterako, informazio gunea izango da, eta bertan erakutsiko da auzoa birgaitzeko SmartEnCity egitasmoa eta espazio publikoa birgaitzeko udalak egindako proposamenak ere ezagutu ahal izango dira toki horretan, eta gainera, herritarrek parte hartu ahal izango dute, balioetsi eta haien proposamen propioak egin ere.

Aire zabaleko azoka, lantegiak eta zuzeneko esperimentuak

Kaleak “Aldabe azoka” ere izango du, aire zabaleko azoka izango da eta bertako dendariek parte hartuko dute; Energytxiki haurrentzako jolastokia ere izango da Aldabeko gizarte etxeko ludotekak parte hartuta eta bertako liburutegiko zati bat kalera aterata; eta scrapbooking (egunkari berrien bilduma-liburua egitea) lantegia ere, auzoko lehengo, oraingo eta geroko argazkiekin albuma eskuz egiteko. Haurren eremu horrek Miñaon dagoen CIC energyGUNE energia gordetzeari buruzko ikerketa zentroaren laguntza berezia ere izango du. Bertako lau zientzialariek zuzeneko esperimentuak egingo dituzte, gero eta eraginkorragoak izateko energia aurrezteak duen garrantzia erakusteko.

Eskaintza osatzeko, mugikortasun iraunkorreko hainbat esperientzia ere izango da, zenbait enpresek bertan parte hartuta, esaterako Fagor Ederland, Evolo, Sweeperbike edo Intelligent Parking. Espazio bat izango da Bike Stationerako eta beste bat MoveSmart egitasmoa aurkezteko: hirian zehar era iraunkorrean mugitzen ikasteko app bat, eta hori deskargatuz gero, motor elektrikoa alokatzean 30 minutu doan lortuko duzu. “Udalak gasteiztar guztiak animatu nahi ditu, batez ere Koroatzearen auzoko bizilagunak, bisitaldia egitera, ekintza horretan parte hartzera, eta bertatik bertara egiaztatzera kalearen eraldaketa eta auzoa birgaitzeko egitasmo berriaren proposamenak”, azpimarratu du Prusillak.

Gaueko bizikleta-martxa

Egun bat lehentxeago, irailaren 16an hain zuzen, Montehermoso jauregitik aterako da 21:00etan lehenengo gaueko bizikleta-martxa, udalak antolatuta eta “Emaiezu argia zure pedalei” izenburupean. Ekimen horrek herritarrak modu ludikoan kontzientziatzen lagundu nahi du, gauez bizikletan argia erabiltzeko beharrari dagokionez. Gasteizko sekretu enigmatikoenei lotutako hiriko hainbat txoko bisitatuko dira, eta bertan geldialdiak egingo dira zer gertatu zen “aztertzeko”. Ezagutu ere ezagutu ahal izango da nola argiztatzen den hiria gauez, udal teknikarien eskutik. Ibilbidea Aldabe kalean amaituko da, musika ekitaldi batekin. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute honako e-postan, izen-abizenak, adina eta telefonoa agertuta: yomesubo@vitoria-gasteiz.org Izen-ematea doan da, lekuak bete arte.

DesAUTOxikatu zaitez eta mobility coach

Bi ekitaldi nagusi horietaz gain, Mugikortasunaren Astea osatzeko hainbat jardueren artean nabarmentzen da 4 gasteiztarrek beraien gain hartuko duten erronka: haien ibilgailu pribatua etxean utzi astebete osoz eta joan-etorriak egiteko bakarrik garraiobide iraunkorrak erabili. DesAUTOxikatu” proposamena da, Etxe berdeak udal programarekin batera egingo dena. Hain zuzen ere lau lagun protagonistak parte hartzen ari dira gaur egun ohitura iraungarriagoak dituzten etxebizitzak lortzea helburu duen ekimen honetan. Sare sozialen eta udalaren web gunearen bitartez, irailaren 19an, astelehenarekin, hasiko den astean zehar mugikortasunaren aldaketa horretan jasotako esperientzia guztiak partekatuko dituzte. Etxe berdeak ere laguntzen ari da Mugikortasunaren Astean, irailaren 14an, asteazkenarekin, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa antolatuta, herritar guztientzako, eta gainera, mugikortasunari eta garraioari buruzko jardunaldiak ere programatu ditu familia parte hartzaileentzako.

Bestalde, irailaren 19tik 23rako astean, udalak movility coach zerbitzua egokituko du, eta bertan mugikortasunean aditu batek izena ematen duten pertsonei hirian bizikletaz modu seguru eta eraginkorrean mugitzen lagunduko die, haien ibilbide propioak diseinatuta.

Irailaren 12tik 16ra Fagor Ederland enpresak elektromugikortasunean izandako esperientzia aurkeztuko du Eulogio Serdan kalean jarritako postuan, eta bertan ibilgailu elektrikoa gidatu ahal izango da, GPSak gidatuta hiriko zirkuitu batean. Irailaren 18an mendiko bizikletaz ohiko Eraztun Berdeko Bira egingo da, eta 18tik 21era Santa Barbara plazan egongo den MoveSmart postura hurbildu ahal izango dute gasteiztarrak, bertan app deskargatu eta motor elektrikoan ibiltzeko 30 minutu doako alokairu lortu ahal izango dute.

Jarduerak irailaren 22an amaituko dira, ostegunarekin batera, Hiri Ekologiaren Gelan Gasteizko Mugikortasunaren egoerari buruzko txostena aurkeztuta, Mugikortasun iraunkorraren aldeko Herritarren Hitzarmena sinatu eta hamar urteetara.