El Correo

7000 lagunek parte hartu dute Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldietan

  • Barruko jarduerek pixka bat gainditu dute aurreko edizioko asistentzia, publiko oso heterogeneoarekin, gazteak nahiz adinekoak bertaratu baitira, profil ugarikoak

Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak —egungo gaiei buruzko informazio- eta eztabaida-espazioa, non egoerak gertutik ezagutu dituztenen lekukotasunak biltzen diren—, errotuak dira hirian, ia 7000 lagunen partaidetza izan baitu aurtengoan.

Besteak beste Santi Palacios eta Samuel Aranda prentsa-kazetariak, Bru Rovira erreportaria, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko Alma Saavedra eta Miriam Alía eta Daniele Grasso aditua protagonista izan dituen edizio honetan, 6800dik gora lagun izan dira, guztira, hitzaldi eta solasaldiak entzuten eta zinema-zikloko filmak nahiz erakusketa ikusten.

Barruko jarduerek pixka bat gainditu dute aurreko edizioko asistentzia, publiko oso heterogeneoarekin, gazteak nahiz adinekoak bertaratu baitira, profil ugarikoak. Guztiak ere erakusten du interes ikaragarria pizten dutela jardunaldiek, ekitaldi eta solasaldiek.

Azken batean, jardunaldien helburuak bete dira: munta handiko egungo zenbait gai sakon aztertzea, entzute handiko profesionalen eskutik, eztabaida-foroak sortzea eta herritarrek modu aktiboan parte hartzea bertan, halako ekimenei sostengu emanez.

Hitzaldi eta solasaldietan parte hartu zutenak: guztira, 1149 lagun; batez beste, 191. Jende gehien bildu zuen hitzaldia: errefuxiatuen krisiari buruzko mahai-ingurua (272 entzule); Afrikari buruzko solasaldia (268 entzule), eta Santi Palacios prentsa-kazetariaren hitzaldia (237 entzule).

Zinema-zikloko ikusleak: guztira, 1118 ikusle; batez beste, 223. Film bakoitzeko ikusle gehien izan den edizioa izan da. Ikusienak hauek izan dira: Rebelde (267) eta To Kyma (244).

Erakusketako bisitariak: 4500 inguru, iraun duen 25 egunetan. Santi Palaciosen bisitaldi gidatuan 80 lagunek parte hartu zuten.