El Correo

Udal aurrekontua eta ordenantza fiskalak adostea, hurrengo lau hilabeteetarako erronka nagusiak, Urtaranen esanetan

Aurrekontua eta zerga, tasa eta prezio publikoak aurkeztu eta adostea da hurrengo lau hilabeteetako erronka nagusia, Gasteizko alkate Gorka Urtaranen ustez. Ordenantza fiskalak hitzartzea ezarri du bere lehentasunen artean Urtaranek, opor-osteko lehenengo agerraldian, “aukera eman dezaten Udalak izan zuen gihar finantzarioa berreskuratzeko, politika ekonomiko arrazoizkoa eginez, zentzu komuna baliatuz, zergen zamaren progresibotasuna eta justizia soziala errespetatzen saiatuz.”

“Aurrerapen handia egin dugu dagoeneko, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga dela eta uztailean EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean lortutako akordioarekin. Akordio hori berri ona da hiriarentzat, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga jaitsi egingo baita etxebizitzen % 85ean, zerga horren bitartez guztira biltzen den diru-kopurua gehiegi murriztu gabe. Hurrengo lau hilabeteetan akordio garrantzitsua lortzea espero dugu gainerako zerga, tasa eta prezio publikoei dagokienez”, erantsi du alkateak.

Urtea bukatu bitarte honetarako beste erronka bat, Urtaranek adierazi duenez, udal aurrekontua adostea izango da. “Gobernu honen hiru erronka nagusiak betetzeko balio izan beharko du aurrekontuak: herritarren bizi-kalitate eta ongizatea bermatzeko, ekonomia-sustapenaren bitartez kalitateko enplegu egonkorra sortzeko eta Gasteiz modernizatu eta eraldatzen laguntzeko”, zehaztu du alkateak.

Aurrekontua gainerako indar politikoekin adostea espero du alkateak, eta bi berritasun garrantzitsu nabarmendu ditu. Batetik, lehenengo aldiz, hiru milioi euro arteko hainbat partida sartuko dira aurrekontuan, herritarrek erabakitako kontuetarako. Zentzu horretan, Vitoria-Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesua azken fasean da, udal aurrekontura zein partida ekarriko diren identifikatzeko aldian, eta herritarren partaidetza bultzatuko da horrela.

Gainera, 2017ko aurrekontuak agintaldiko proiektuak gauzatzeko finantzaketa jasoko duela adierazi du Urtaranek. “Atzean geratu da megalomaniaren garaia, baina 2017an abian jarri beharreko proiektu garrantzitsuak ditugu, eta finantzaketa behar dute. Jakitun gara zer nolako zailtasun ekonomikoak ditugun, eta elkarrekin lan egin beharra daukagu, bai Udaletik, diru-sarrera propioak bermatzeko, baita beste erakunde batzuetatik.”