El Correo

103.450 euro bideratu ditu Urtaranen gobernuak enpresa-jarduera dinamizatzera, hiru lankidetza-hitzarmenen bitartez

  • Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin, Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioarekin eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin sinatuko dira lankidetza-hitzarmenak

Hiru lankidetza-hitzarmen sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak —guztira 103.450 euroko zenbatekoa egiten dute—, Gasteizko enpresa-jarduera dinamizatzeko. Hain zuzen ere, Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin, Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioarekin eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin sinatuko dira lankidetza-hitzarmenak.

“Organizazio horiek enpresa-ehun lokala egituratzeko egiten duten lana —sustatuz, aholkularitza eskainiz eta laguntza estrategikoa emanez—, nekez hartu ahal izango lukete beren gain erakundeek. Ahalegin publikoak eta hitzarmen hauetan esku hartzen duten entitateen ahaleginak bat egiten dutelarik, tresna egokia lortzen da enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin sinatuko den hitzarmenaren haritik 15.000 euroko ekarpena egingo du Udalak, eta organizazio horren jarduerak bideratzeko aukera emango du: aholkularitza bideragarritasun-planetan, prestakuntza, enpresa-mintegia dinamizatzea, enpresarien arteko topaketak eta mentoring jardunaldiak.

Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioarekiko hitzarmenean, berriz, 36.000 euroko ekarpena egingo du Udalak, eta Gasteizko merkataritza-enpresen lehiakortasuna hobetzeko plan bat martxan jartzeko aukera emango du horrek, merkataritza-establezimenduentzako bisita birtualen programa baten bitartez. Orobat baliatuko da Udalaren diru-laguntza salmentak areagotzeko denda-bonoa izeneko kanpainarako.

Azkenik, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin sinatuko den hitzarmenean, 52.450 euroko ekarpena egingo du Udalak, eta enpresa lokalak nazioartekotzen lagunduko hartara, baita senidetzeen figura bultzatzen eta lanik gabe dauden 40 urtetik gorako zuzendaritza-langile eta profesionalei orientabidea emateko programak gauzatzen ere.