Borrar

Aldundiak Zarataren aurkako Ekintza Plana onartu du eta udalei bidaliko die

1,7 milioi euro inbertitzea aurreikusi da, zirkulazioak eragiten dituen eragozpenak txikiagotzeko

i.agote

Domingo, 24 de abril 2016, 00:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gaur, Diputatuen Kontseiluak hasierako onarpena eman dio Zarataren aurkako 2016-2020 Ekintza Planari, bai eta plan hori udalei bidaltzeari ere, 30 egun balioduneko epean txostenak aurkezteko aukera izan dezaten. Gero, behin betiko onartu aurretik, jendaurrean jarriko da, edozein pertsona fisiko zein juridikok alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Zarataren aurkako 2016-2020 Ekintza Planaren asmoa da datozen bost urteetan 1,7 milioi euro inbertitzea pantaila akustikoak ezartzeko, gutxitzearren ibilgailu gurpildunen zirkulazioak Arabako Errepideen Foru Saretik hurbil dauden hiri inguruetan eragiten dituen eragozpenak. Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua duela hilabete agertu zen Batzar Nagusietan, plan horren edukia azaltzeko.

Estatuko eta autonomia erkidegoko legediarekin bat etorriz egindako zarata mapak ditu sorburu agiri estrategiko horrek. Egunean batez beste 6.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen diren errepideen alboan dauden lurralde historikoko 34 bizitegi areatako zarata neurtzen dute mapa horiek, eta jakinarazten dute haietatik zeinetan gainditzen den Europar Batasunak ezarritako kalitate akustikoaren muga. Muga hori 55 dezibelio da gauez, eta 60 dezibelio egunez, eraikin kalteberatan, hala nola ospitale, haurtzaindegi, ikastetxe eta adinekoen egoitzetan. Zarataren aurkako Ekintza Planak, mapa horietatik eta zenbait irizpide objektibotatik abiatuta, lehentasunez ekiteko hiru gune ezartzen ditu Araban: N- 622 errepidea Arangiztik igarotzen den lekua, N-622 errepidea Sarritik, Ametzagatik eta Murgitik igarotzen den lekua eta N-102 errepidea Ariñiztik igarotzen den lekua. Era berean, kasu bakoitzean zer zuzenketa neurri ezarri behar den zehazten du, kontuan hartuz aurreikuspenen arabera nola haziko den zirkulazioa hamar urteko epean, hartara inbertsioa eraginkorra izan dadin epe luzean.

Guztira 128 pertsona dira hiru hiri inguru horietan zirkulazioaren zarata jasaten dutenak kalitate akustikoaren mugetatik gora, eta proposatzen diren zuzenketa neurriei esker biztanle horien % 83 muga horietatik behera biziko lirateke, egindako azterlanen arabera. Muga horietatik behera biziko lirateke, orobat, bi eraikin kalteberatako langile eta erabiltzaileak, hala nola Sarriko haurtzaindegikoak eta Ariñizko adinekoen egoitzakoak.

Guztiarekin ere, inguru horietako bizilagun guztiek nabarituko dute nola hobetzen den beren ongizatea beren bizitegietara iristen den zarataren maila gutxitzeagatik, eta, beraz, onura jasoko duten pertsonen kopurua 380 ere izango da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios