Borrar

2015eko Ardoarabak bost egun iraungo du

Aurtengo edizioan 43 stand jarriko dira, eta horietaz gain, 87 ostalaritza-establezimenduk –Azoka plazako gastro-taberna berriak barne– 101 proposamen gastronomiko eskainiko dituzte

i.agote

Sábado, 28 de noviembre 2015, 00:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ardoaraba dugu Gasteizko turismo erakargarri nagusia abenduko zubirako. Hamabosgarren edizioak asistentzia marka gainditzeko xedea du, egun bat gehiago iraungo baitu (iaz lau izan ziren eta aurten bost), eta ohiko lau karpez gain beste bat jarriko baita Foru plazan, Txoko Gastronomikoa deritzona; karpa horretan azalpenekiko dastatzeak, ardoen aurkezpenak, pintxoak, sukaldaritza erakustaldiak eta haurrentzako lantegiak eskainiko dira, besteak beste.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak aurkeztu du 2015eko Ardoaraba, Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco, Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikadura Industrien zuzendari Peli Manterola eta Gasteiz On elkarteko kudeatzaile Patricia Garcíarekin batera. Euskadiko ekitaldi enogastronomiko handia den aldetik, Gasteiz berriro ere ardoaren hiriburu bihurtuko da, ahal den heinean aurreko edizioetan lortutako emaitzak gainditzeko erronkarekin. Egun eta gune kopurua handitu denez, ziur gaude hala izango dela, adierazi du Nerea Melgosak.

Beren eskaintza Ardoarabaren karpei eransten dieten 87 ostalaritza-establezimenduen artean, Azoka plazako gastro-taberna berriak nabarmendu behar dira aurten, zeinetan pintxoak, menuak eta Arabako ardoak aurkitu ahalko baitira. Ardoarabaren alderdi gastronomikoa ere indartuko da, batetik, Goxo-Goxo gourmet eta kalitateko produktuen feria egingo delako eta, bestetik, Almendrako Azokaren edizio berezia egingo delako abenduaren 5ean (larunbata), kupelen ibilbidea, txoko gastronomikoa eta truke txokoa barne.

Horri 25 jatetxetan 9 eta 49 euro artean emango dituzten Ardoaraba menuen eskaintza gehituko zaio. Aipatzekoa da, halaber, hilaren 5ean, 6an eta 7an karpak goizez irekiko direla, merkataritza sektorearekiko sinergiak sortzeko (beste urte batzuetan itxita egoten ziren lanegunetan).

Gasteizko Turismo Bulegoaren eta RENFEren arteko lankidetzak ere 2015eko Ardoarabaren erakargarritasun turistikoa indartuko du: horri esker, egun horietan hirira trenez datozen pertsonek % 35eko deskontu berezia lortu dezakete txarteletan. Establezimenduen kokapen-mapa eta jai enogastronomikoari buruzko informazio osoa biltzen dituzten eskuorriak banatuko zaizkie bisitariei.

Ardoarabaren 2014ko edizioan 85.820 pertsona zenbatu ziren karpetan; ia laurden bat Gasteiztik kanpokoa zen, eta % 10, Euskaditik kanpokoa. Ekitaldira etorri ziren turisten % 64k eman zuten gaua hirian, eta batez besteko gastua 145 euro izan zen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios