El Correo

Oporretako argazkilari onenaren bila

Oporretako argazkilari onenaren bila
/ AFP
  • Oihaneder Euskararen Etxeak 'Gasteiztarrak arraun the world' udako argazki lehiaketa jarri du martxan; edozein tokitan egindako bidaia argazkien bitartez kontatzea da bere helburua

Autobusa, kotxea edo hegazkina hartu eta berehala, ehundaka argazki egiteko beharra sentitzen dute askok. Lehen aldiz edo berriro ere ikusiko ez dituzten tokiak betirako gordetzeko nahiarekin, argazkiz josten dituzte eraikin eta monumentu enblematikoenak. Argazkilari izukaitz horiek saritzeko, Oihaneder Euskararen Etxeak proiektu bitxi bat jarri zuen atzo martxan. 'Gastaiztarrak arraun the world' da bere izena, eta edozein bidaia, txango edo egun-pasa argazki-sorta bidez kontatzea da bere betebeharra.

Parte hartzeko 20-25 argazki arteko sorta aurkeztu behar da eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri behar zaio. Horrekin batera, egindako bidaia, txango, egun-pasaren azalpen laburra bidali behar da. Lanak oihaneder@oihanedereuskararenetxea.eus helbidera bidali behar dira izenabizenak, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa zehaztuz.

Bost proiektu sarituko dira guztira. Lanen horien egileek Durangoko azokan asteburu pasa irabaziko dute: 2-4 pertsonentzako gau bateko egonaldia Durango inguruko landetxe batean eta Durangoko azokan gastatzeko 150 eurokoko bonoa, guztira 300 euro sari bakoitzeko. Horrez gain, udazkenean argazki-sorta irabazleen argazki erakusketa egingo da Oihanederren. Lehiaketa ekainaren 23ra arte egongo da zabalik.